Loading

Anastasio de Amesti (1884-1957) ondarearen alde ezkutua

Gaur egun, Anastasio de Amestiren artxiboa, dokumentazio ugariz eta pieza ezberdinez osatua, Bizkaiko Batzar Nagusien menpeko Enkarterrietako Museoan gordeta dago, Juan de Amesti bilobak egindako dohaintzari esker.

Anastasio de Amesti Mañarian jaio zen 1884an, 18 urte zituela, eta bere jaioterriko harrobietan lan egin ondoren, Muskizera joan zen. Bertan eraikitzen ari ziren kiskaltze-labe modernoak burutzen lagunduko zuen.

La Lejana kiskaltze-labea

Labe hauek, nagusiki harriz eginak, hargin espezializatuen lana eskatzen zuten, eta hor hasiko zuen Anastasio de Amestik bere lan ibilbidea. Litekeena da, Jose Maria Mac Lennanek Kobarongo (Muskiz) meategietan eraikiarazi zituen labeetan lan egitea .

Kobarongo meategiak . Muskizeko argazki zaharren udal artxiboa ( Mac Lennan funtsa)

1907an arte eta monumentu kutsuko proiektuetan lan egiteko lehen aukera iritsi zitzaion . Urte horretan, Manuel Maria Smith arkitekto ospetsuak Muskizko hilerriko lanak egiteko kontratatu zuen. Anastasiok gaitasun profesional handia erakutsiko zuen, Smithekin elkarlanean jarraitu baitzuen urteetan zehar.

Muskizko hilerriko ataria

Hurrengo urtean Trapagaranen lanean ari zen, Olaso Jauregiaren eraikuntzan (1908), eta urte horretan bertan, edo handik gutxira, bere lehen panteoietako bat altxatuko zuen herri bereko hilerrian (egun desagertua).

Olaso jauregia, XX. mendeko 60 eta 80. hamarkado argazkiak

Lan hauek beste arkitekto eta artista batzuekin elkarlanean aritzeko baliagarriak izan ziren, kalitatezko lanetan espezializatutako hargin karrera oparoari hasiera emanez.

1930eko hamarkadan, adibidez, Manuel Maria Smith Montellano auzoan (Galdames) Antonio Truebaren omenez birkokatzen ari zen monumentua muntatzeaz arduratu zen. Jose Maria Martinez de la Rivasi eskainitako monumentua San Pedron (Galdames) muntatzeaz ere arduratu zen, baita Balmasedako San Severino elizan kokatutako San Pelaio Erdi Aroko kaperako lanetaz ere.

Martinez de las Rivas-en monumentua (San Pedro. Galdames), San Pelaio kapera (Balmaseda) eta Antonio de Truebaren monumentua (Montellano. Galdames)

Denborarekin, Joaquin Lucarini eskultorearen El Tigre eskulturan ere kolaboratu zuen ( 1941), baita Diego López de Haroren (Bilbo) eskulturaren lekualdaketetan edo Via Cidiana (Burgos) izeneko obra handiaren garapenean, El Ciden eskultura handi batek eta San Pablo zubian dauden eskulturek osatua (1955).

"El Tigre" eskultura ( Bilbo) - Joaquín Lucarini-ren lana-, San Pablo zubia (Burgos) -Joaquín Lucarini-ren lanak- eta Diego López de Haroren eskultura (Bilbao) - Mariano Benlliure-ren lana-.

Baina osperik handiena Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako familia aberatsenetako batzuek agindutako hilobi, panteoi eta kapera handien eraikuntzan lortu zuen. Pixkanaka, probintzia hauetako hilerriak, Amestik eraikitako lanez betetzen joan ziren, hauetariko batzuk, arkitektoek zuzenduak, hala nola, 1929ko José María Sainz de Aguirre arkitektoaren Aretxabala kapera (Gordexola) edo Manuel María Smithen Prado panteoia (Muskiz , 1910).

Amestiren sinadura, honek eraikitako hilobi ezberdinetan

Baina Anastasiok pertsona dinamikoa zela eta ikasteko gaitasuna zuela erakutsi zuen, eta berehala, arkitekto eta eskultoreekin ikasitako ezagutza artistikoak bereganatuz, bere diseinu propioak egiten hasi zen, batzuk apalak eta sinpleak, eta beste batzuk oso landuak eta nolabaiteko monumentaltasuna zutenak.

Anastasio eta honen emaztea. Krokisak eta lanen prestatze-marrazkiak.

Amesti ez zen inoiz ohiko artista izatera iritsi, baina XX. mendeko lehen mendean modan jarri ziren estilo artistikoak zuzen eta dotore transmititzeko gai izan zen. Bere arrakasta hain handia izan zen, gaitasun ekonomiko ezberdinak zituzten familia ugarien eskariak jasoko zituela. Honela, hilerriak, bere lanez betetzen hasi ziren, bere garaiko moda estetikoak hil esparrura eta gizarteko maila ezberdinetara eramatea lortuz.

Anastasio de Amestiren lan ezberdinak

Ugaritasun horrek bere garaiko eskultore bikainenetako batzuekin kolaboratzera eraman zuen, Ricardo Iñurriarekin eta, batez ere, Lucarini familiarekin. Juan de Amesti bilobak dioenez, Lucarinitarrek, aitona lantegian agertzen ikusten zutenean, "Badator Amesti!, badator lana!" Esaten zuten, eta, izatez, Amestiren panteoi askok, Lucarinitarrek egindako eskulturak, tailuak eta baxuerliebeak daramatzate.

Lucarinitarrenak izan daitezkeen taillak Amestiren lanetan

Amestik kaperak, panteoiak eta hilobi handiak eraiki zituen, baina ez zituen inoiz lan txikiagoak baztertu, hala nola hilarrien fabrikazioa edo hainbat berrikuntza eta konponketa. Gainera, hileta-mundutik kanpoko obrekin lotuta jarraitu zuen, eta, hala, Gerra Zibilaren ondoren etxeak konpontzen, lokal eta tabernetarako altzariak egiten edo eraikin handiak eraberritzen aurkitu dezakegu, Balmasedako "El Millonario" etxe ezagunean bezala.

González-San Martín kapera (San Pedro. Abanto), 1946an Amestik zaharberritua

Baina bere lan nagusia hileta mundu artistikoan aurkitzen dugu. Anastasio garaiko modak ezagutzen joan zen eta, pixkanaka, bezeroen gustuen arabera aldatzen ari zen eredu oso jakin batzuk sortzen joan zen. Kaperek kutsu neogotiko edo neomediebala izaten zuten, hilobi eta panteoi handietan, aldiz, eredu ezberdinak ikusten ditugu, batzuk frontalak dituztenak, estilo neoklasiko eta eklektikoetatik edaten dutenak, beste batzuk alboetan zutabe handiak dituztenak, erdian etzanda dauden Kristoak hartzen dituztenak (art-déco kutsua dutenak).

Capillas de Muskiz y San Pedro de Abanto

Momentuz bederatzi eredu identifikatu ditugu (aldaera eta guzti), baina askoz gehiago izan litezke, oraindik ez baitago bere obraren inbentario osoa, 1.000 lanetara irits daitekeela adierazi da, eta hori gehiegizkoa izan badaiteke ere, gizon autodidakta honek egindako lanaren handitasuna erakusten digu.

Amestik egindako tipologia ezberdineko panteoiak, Santurtzi, Carral (Sopuerta), San Pedro (Abanto) eta Ortuella

Anastasio de Amesti, azken batean, artearen langile bat izan zen, arkitekto eta eskultoreen atzean lan egiten zuten pertsona horietako bat. Kontserbatutako faktura eta aurrekontuek XX. mendearen lehen erdiko lan-eremuaren testuingurua eraikitzeko balio digute, harginak, marmolariak, errementariak, sarrailagileak eta abar luze bat islatuz.

Lanerako materialen hornitzaile ezberdinak

Baina esan bezala, Amesti ere gizon dinamikoa izan zen, eta bere kabuz beste urrats bat ematen jakin zuen, bere lanak egiten eta euskal artearen eta ondarearen alorrari bere alea ematen, hileta-artea bezalako esparru berezi batean. 1957an Santurtzin hil zen, urte luzez bizi izan zen herrian, eta euskal artearen liburuetan leku txiki bat eman dion lan eta dedikazio ondare bat utzi zuen bere atzean.

Panteoiak , Santurtzi, Gallarta (Abanto) eta Muskiz.
Created By
Enkarterrietako Museoa
Appreciate